lunes, 1 de octubre de 2012

Hernani eta Urbietako hamar gazte auzipetuetatik lau absolbitu ditu fiskaltzak

Bidatz VILLANUEVA

 Hernani eta Urbietako hamar gazte auzipetuetatik lau absolbitu ditu fiskaltzak akusazioa erretiratuz. Antton Zabala, Txaber Zabaleta, Ekaitz Telleria eta Mikel Garaioa dira aske geratu diren gazteak. Gainontzekoentzat sei urtera jaitsi du espetxe zigor eskaera. 

  Irailaren 18an hasi zen 10 gazteren aurkako epaiketa Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Fiskaltzak Segi euskal gazte antolakunde independentistan jardun izana egozten die. Urriaren 1erarte luzatu da epaiketa eta bai gazte, lekuko, zein ertzainek deklaratu dute jada. 

  Hamar gazteek Segiko kide izatea ukatu zuten, irailaren 18 eta 19an eginiko deklarazioetan. Hernaniko Gazte Asanbladan jardun izana onartu, baina horrek ez duela gazte antolakundearekin ezer ikustekorik adierazi zuten. Bestalde, polizien menpean zeudenean tratu txarrak jasan zituztela salatu zuten gehienek. Atxilotuen konfiantzazko medikuak pribatutasunik ez zutela izan azaldu zuen eta horrez gain, bere lana gauzatzeko ezintasuna, baliabide faltagatik. Ertzaintzari dagokionez, tratu txarrak egon zirenik ukatu zuen.

  2009ko martxoan atxilotu zituzten Baltasar Gartzon epaileak abiarazitako sarekadan, Jarrai-Haika-Segi auziaren harira. Segi 2002an legez kanpo geratu zen Gartzonen aginduz eta 2007an Auzitegi Gorenak talde terroristatzat jo zuen. Aitzakia hori izanik, hamarnaka gazte espetxeratu dituzte azken urteotan Euskal Herrian. Gazte erakundeak aurtengo ekainean egin zuen bere azken agerraldia agur errateko, hamarkada bat baino gehiagoko borrokaren ondoren.

(Gazteek epaiketaren bigarren egunaren inguruan egindako balorazioa)


No hay comentarios:

Publicar un comentario